Today's post is dedicated to my mother, that's why it is in Basque.
Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko irailaren 11) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. Haizea talde aitzindariko kantariak, 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu.
Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi eta bi disko grabatu ondoren —Haizea (Herri Gogoa, 1976) eta Hontz gaua (Xoxoa, 1979)—, Frantziara eta ondoren Iparraldera jo zuen, eta hainbat jazz musikarirekin hasi zen lanean. Horrela ezagutu zuen Pascal Gaigne (Tolosa, Okzitania) gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun diskoan (IZ, 1980) parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin batera. Disko horretan Etxahun Barkoxe eta Etxahun-Iruri-ren piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.
Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika. Egun argi hartan (Elkar, 1985) izena hartu zuen bikotearen lehen diskoak. Hurrengo urtean Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986) kaleratu zuten. Aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen. Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, La fuga de Segovia (Angel Amigo, 1981) filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, Tango kantuarekin parte hartu zuen La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1983) filmaren musikan. Dena dela, Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik Panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Santa Cruz, el cura guerrillero (Jose Maria Tuduri, 1990), Loraldia, el tiempo de las flores (Oscar Aizpeolea 1990) eta Como tú quieras (Joseba Salegi, 1992). Ondoren, Gaignek ibilaldi esanguratsua egin du zinemarako musikaren alorrean (El sol del membrillo, Mensaka, Lucio...).
Txomin Artolarekin batera hiru diskok osatutako Folk-Lore sorta bilduma kaleratu zuen. Lehenak, Folk-lore-sorta 1 (Elkar, 1991), Folk-lore-sorta 2 (Elkar, 1992) eta Folk-lore-sorta 3 (Elkar, 1993).
Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta lau disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza (IZ, 1995), Mami xuri (IZ, 1998), Haatik (Elkar, 2002) eta Nabil da (Elkar, 2008). 2021 urtean Adarra saria eskuratu zuen, Donostiako Udalaren eskutik.